ITSASKIAK - EGOSTEKO DENBORAK

ITSASKI-JATEA, gastronomian, itsasoko abere ornogabeak jateari esaten zaio. Normalean, itsaski-jatea OSKOLDUNEZ (izkirak, otarrainxkak, karramarroak, lanpernak…) eta MOLUSKUZ (txirlak, muskuiluak, berberetxoak…) osaturik dago. Familia berekotzat jotzen dira normalean ZEFALOPODOAK (olagarroa, begihandia), oskolik gabeko moluskuak baitira. Itsaskiak proteina eta mineralen iturri garrantzitsuak dira.
Gure eskualdean, itsaskiaren kontsumoa oso garrantzitsua da, besteak beste, urte osoan dastatzen den elikagaia delako eta, horrexegatik hain zuzen ere, ezinbestekoa da urte sasoi bakoitzean zein espezie jan behar den jakitea:
- Udaberrian: zigalak, txirlak eta ostrak.
- Udan: muskuiluak, txirlak, itsas datilak eta karrakelak, misera, otarraina, ostrak eta lanpernak.
- Udazkenean: berberetxoak, misera, otarraina, erromes maskorrak, zamburiñak eta ganbak.
- Neguan: txangurrua, buia, nekorak, izkirak, erromes maskorrak eta txirlak.
EGOSTEKO DENBORAK
Itsaskiak, egosi ondoren, inoiz ez dira sartu behar hozkailuan. Oskoldunak giroko hozberoan jan behar dira. Lanpernak soilik dira bero jar behar direnak. Zenbaitek, itsaskiak egosteko, porruak, azenarioak, gatza eta tipula pixka bat ere jartzen du uretan. Baita ardo zuria eta ereinotz hostoak ere. Esan beharra dago ohitura horren aldekoak nahiz aurkakoak daudela. Ahal bada, onena itsasoko uretan egostea da. Itsaskia egosteko itsasoko gatz larria erabiltzea komeni da. Itsaski batzuk oso egokiak dira plantxan egiteko: ganbak, otarrainxkak, izkiratzarrak, zigalak, miserak, otarrainak, nekorak edo itsas datilak
Izoztuak erosten baditugu, prestatzen hasi baino lau bat ordu lehenago jarri behar ditugu izotza galtzen. Freskoa erosten badugu, ez dugu izoztu behar bestela zaporea galduko du. Itsaskia bizirik prestatzen denean, ur hotzetan jartzen da eta, ondoren, su handitan jarri behar da, beroak egosi aurretik hil dezan. Modu horretan hankak ez dituzte galduko eta ez zaie oskolean urik sartuko. Izoztutakoa bada, ura irakiten dagoenean sartu behar da itsaskia. Izoztutako itsaskia egosten ari bagara (ganbak, otarrainxkak…) uretan limoia botatzea komenigarria da, modu horretan beren buruak belzteko duen joera ekidingo baitugu.
GARRANTZITSUA
Itsaskia bizirik dagoenean: Ur hotzetan sartuko da eta ura berotzen den heinean egosiko da. Egosteko behar duen denbora, ura irakiten hasiko den unetik kontatuko da. Itsaskia hilik dagoenean: Ura irakiten dagoenean sartu behar da itsaskia eta egosten pasa behar duen denbora ura berriz irakiten hasiko den unetik aurrera kontatuko da. Erakusketak: Izkirak eta lanpernak, ura irakiten dagoenean jarriko dira beti eta ura berriz irakiten hasiko denean aterako dira. Beti ere, egosteko behar duten denbora errespetatuko da.