Geure cookieak eta hirugarrengoenak erabiltzen ditugu gure webgunean erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko eta hobetzeko,
baita publizitate interesgarria eskaintzeko ere, betiere mezu hau onartu eta berariaz adostasuna ematen badiozu.
Gure cookien politika buruz gehiago irakur dezakezu.

AHOLKUA

UDAZKENEKO LAU ELIKAGAI

1. argazkia

GAZTAINAK

Bai gozoak direla gaztainak eta a zer usain ona sortzen duten erre edo egosten ditugunean!! Fruitu lehorra da gaztaina nahiz eta koipe gutxi izan. Karbohidrato ugari dute (% 40 arte), proteina gutxi eta koipe gutxi. 

Gaztainen karbohidratoak konplexuak dira (azukre "osasungarriak", bihi osoko zerealek ematen dituztenak, adibidez), beraz interesgarria da gaztainak jatea, besteak beste, gure umeek hamaiketakoa egiteko edo meriendatzeko (erraz prestatzen dira eta erraza da eramatea!) eta bikainak dira erorialdietarako eta energia falta zaigunerako.

Aberatsak dira zuntzetan (idorreria kontrolatzen laguntzen dute, asegarriak dira...), B bitaminaren taldekoetan eta zenbait mineraletan (potasioa eta burdina).

Desabantailetako bat aerofagia, haizadura sorrarazten dutela da, beraz, egosteko eta egostean anis ale batzuk edo anis-belar txinatarra botatzea gomendatzen dizuet.

KIWIAK

C bitaminan aberatsenetakoa da fruta hau (69 mg neurri ertaineko ale bakoitzak, bitamina horretatik egunean behar dugun kantitatea ematen digu) eta asko ditu, baita ere, B9 bitamina (azido folikoa, oso garrantzitsua haurdun daudenentzat edo haurdun gelditu nahi dutenentzat, bizkarrezur bifidoa prebenitzen laguntzen baitu), E bitamina (antioxidatzaile bikaina) eta zuntza (idorreriari aurre egiten dio eta kolesterola, triglizeridoak eta abar kontrolatzen laguntzen du).

Horiez gain, antioxidatzaileak ere asko ditu; lagundu egiten dute endekapenezko gaixotasunak prebenitzen, adibidez, asaldura kardiobaskularrak, hipertentsioa...

Idorreriari aurre egiteko gehien kontsumitzen den frutetako bat da eta oso mesedegarria da duen zuntz kopuruagatik!

BROKOLIA

Kruziferoen familiakoa da (azalorea, aza, romaneskua...) eta barazki hau onenetakoa dela esaten da propietate nutrizional ugari eta bikainak dituelako.

          Elikagai ugariko barazkia da:

  • C bitamina: egunero behar dugunaren laukoitza baino gehiago ematen digu eta bitamina horrek funtzio antioxidatzaile garrantzitsua du.
  • B taldeko bitamina.
  • A bitamina: funtsezkoa ikusmenerako.
  • Mineralak, adibidez burdina (anemia ferropenikoak...), potasioa (hipertentsioa, likidoen erretentzioa), kaltzioa (hezurrak eta hortzak), fosforoa, iodoa (tiroideen osasuna), zinka eta manganesoa.
  • Sufredun konposatu ugari dituenez (sulforanoak, besteak beste), oso barazki gomendagarria da antioxidatzaile indartsu gisa (oso interesgarria endekapenezko gaixotasunetarako, asaldura kardiobaskularretarako, kolesterol altua izanez gero, kimioterapia bidezko tratamendurako...) eta inmunoestimulagarria ere bada (defentsak handitzen ditu).

Brokolia jateko modu interesgarria da xehatu eta pizzaren oinarria balitz bezala erabiltzea (Interneten errezeta askotan azaltzen dute nola egin).

BABARRUNAK

Hasi du freskatzen eta piztu zaigu koilaraz jaten diren elikagaiak jateko gogoa, errutina, udaren ondoren mahaian ordena berreskuratzeko garaia da, lekaleen garaia. Gure merkatura orain iritsiko dira babarrun gozoak!

Zer propietate dituzte?

  • Karbohidrato ugari dituzte, motel asimilatzekoak. Horrek esan nahi du, odoleko glukosa maila motel igotzen dutela eta horrek gure organismoak modurik onenean erabiliko duen energia ematen digula.
  • Proteina-portzentaje handiko lekalea da babarruna (% 22, haragiaren pare), beraz, dietaren funtsezko zati izan behar dute barazkijaleek eta beganoek.
  • Oso aberatsa zuntzean, beraz, lagundu egingo digu kolesterola erregulatzen, idorreria prebenitzen eta hari aurre egiten, asegarriak dira...
  • B taldeko bitamina ugari dute (B 12 izan ezik) eta mineralak ere bai (potasioa, magnesioa, kaltzioa...).
  • Oso interesgarria da bihotzeko arazoak prebenitzeko.
  • Eta dieta mediterraneoaren funtsezko oinarria ere badira (oso garrantzitsua da elikatzeko modu hori gaixotasunak prebenitzeko eta osasuna zaintzeko!).